2010/03/18

Eskolara gosaldu gabe?


Joan den asteartean, hilaren 16an, Fleming-eko 5. mailako neska-mutilak etxetik baraurik abiatu ziren eskolara, “Gosari kardio-osasungarria” ekimenean parte hartu behar zutelako.
Goizeko 9:00etan ikasgelako jardueretan murgildu beharrean, ikasleak jangelarantz zuzendu ziren. Han txukun-txukun zain zuten energiaz beteriko gosaria: sagarra, esnea, kakaoa, ogi-opiltxoa, oliba olioa eta indioilar hestebete xerra bana. Ordurako tripa zorriak dantzan zituztenez, gustura hartu zuten jatekoa, nahiz eta bati baino gehiagori olioak hasieran atzeraka eman, eta etxeko laranja faltan bota, sagarraren tokian. Bapo geratu eta dena jaso eta garbitu ondoren, ordenagailu gelara joan ziren informazio-bideo bat ikustera. Bideoak gosariaren garrantziaren eta gosari oso batek bete behar dituen baldintzen gainean hausnarketa egitera eraman zituen ikasleak.
“Gosari kardio-osasungarria” ekimena 2000. urtean sortu zen Gipuzkoan hainbat enpresek babestuta, eta 7-13 urte bitarteko haurrei dago zuzendua. Beste urte batzuetan Fleming-a antolakuntzak norbait bidaltzen bazuen ere hitzalditxoa eta azalpenak ematera, aurtengoan eskolako irakasleen esku geratu da ardura, urtetik urtera eskaera handitu egin omen baita.

Gosari osasungarri batek bete behar dituen baldintzak
Egun osorako energia ematea
Karbohidratoak, proteinak eta bitaminak dituela ziurtatzea.
Zer gosaldu eta zergatik?
Zerealak: Hesteen funtzionamendu zuzena mantentzen laguntzen dutelako.
Fruta: Bitamina eta mineral ugari dituelako
Esnekiak: Kaltzioan aberatsak direlako
Oliba-olioa: Kolesterol onaren maila handitu eta bihotzeko gaitzak sahiesten laguntzen duelako.
Hestebeteak: Hobe hamaiketakoan hartzea, opilgintza-produktuen ordez.
Estrak: Tarteka, fruitu lehorrak, eztia, txokolatea eta halakoak har daitezke gosarian aukera handiagoa egon dadin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario